Sormenaz hitz egiten dugu. Sormena baloratzen dugu. Gaitasun samur edo XXI. mendeko gaitasun horietako bat da, komunikazioarekin, elkarlanarekin eta pentsamolde kritikoarekin batera.
Baina benetan sustatzen al dugu sormena? Nola lantzen dugu ikasgelan? Haurrei sortzeko ohitura hartzen laguntzen al diegu? Arriskatzera, beren ahotsa lantzera eta huts egiteko beldurrik ez izatera animatzen al ditugu?
Sormena trebatzeko ezinbestekoa da sortze-prozesua lantzea: pentsamendu dibergente eta konbergenterako eremuak sortzea.
Pentsamendu dibergente edo albo-pentsamendua ezinbestekoa dugu bizitzan, era guztietako arazoak konpontzeko. Modu irekian aukerak sortzea da, hasi bururatzen zaizkigun lehen ideia nabari edo arrazionaletatik eta ideia surrealista eta disruptiboenetara.
Pentsamendu konbergente edo bertikalak balio digu ideiak aukeratzeko edo konbinatzeko eta sortu nahi dugun istorio, azalpen edo sorkuntzari balio gehien ematen dion konponbidea aurkitzeko.
Bi pentsamolde-mota horien arteko joan-etorri edo fluxua etengabea izan dadin erraztu behar dugu. Era horretan, eskolan garuneko bi hemisferioak lotzea sustatuz, irakasle eta ikasleek sortzeko ohitura hartzen dugu, egunez egun.
PiktoIdazketaren sekuentzia didaktikoak sortze-prozesuaren fase guztiak errespetatzen ditu. Sortze-jarduerak sustatzen ditu, engainurik gabe: ikasgelan 25 ikasle badaude, 25 sorkuntza desberdin egongo dira. Izan ere, ikasgelan sormenari bide ematea aniztasunari bide ematea ere bada.