Zein dira ilustrazio honetako pertsonaiak? Zer adierazten digu ilustrazioak pertsonaia horiei buruz? Nolakoak dira? Zertan ari dira? Nola sentitzen ote dira? Zergatik? Zer harreman dute beren artean? Non daude? Zer gertatzen ari da? Zer gertatuko da gero?

PiktoIdazketarekin, ikasgelako lana horrela hasten da. PiktoIdazketa metodologia aktibo bat da, sormena eta ikus-pentsamoldea uztartzen dituena komunikazio-gaitasuna garatzeko. Marrazkiek duten indarra aprobetxatzen dugu pentsamolde sortzailea pizteko. Irudia irakurri, hitzez azaldu eta, gero, testuarekin lotzen dugu.

Ilustratzaile adituekin lan egiten dugu eta askotariko teknika artistikoak erabiltzen ditugu. Zergatik? Haurrei irudi aberasgarri eta ederrak erakutsi nahi dizkiegulako. Era horretako irudiek gure sormena pizten eta akuilatzen dutelako. Ez da idatzizko testurik ageri, baina irakurtzen, interpretatzen eta ikusten dugun hori garenarekin eta dakigunarekin lotzen ari gara; hamaika narrazio posible sortzen dugu. Irakurle sortzaileak izaten ikasten dugu eta irakurle onek beren buruei egiten dizkieten galderez jabetzen gara.

Gaur egun, ikusizko estimuluz inguratuta hazten gara. Beraz, zergatik ez irudia erabili, irakurtzen eta idazten ikasteko, pentsamolde sortzailea lantzeko eta ikusizko, ahozko eta idatzizko hizkuntza pixkanaka menderatzeko tresna gisa? Ekin diezaiogun imajinatzeari!

Eta horretaz ari garela, nola hasten da ilustrazioa oinarritzat hartuta imajinatu duzun istorio hori? Nola jarraitzen duen jakin nahi al duzu?